XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste batzuek itsaso itsuak zirikatzen dituzte arraunekin eta burnira oldartzen dira, erregeen areto eta ataburuetara sartzen dira; honek suntsitzeaz mehatxatzen ditu hiria eta penate errukarriak, harri bitxian edateko eta sarrar purpuran lo egiteko; besteak ondasunak ezkutatzen ditu eta lurperatutako urrearen gainean lotaratzen da; hau, zurtuta, rostretan harritzen da; beste hau txaloek utzi dute aho zabalik, plebearen eta aiten jarlekuetatik bikoiztuak; poztu egiten dira anaien odol isuriaz eta etxeak eta ataburuak aldatzen dituzte erbesteratzearen truke eta beste eguzki baten pean datzan sorterri bat bilatzen dute.

Nekazariak golde okertuarekin iraultzen du lurra: hori da urteko lana, hortik eusten die baserriari eta biloba txikiei, hortik abelgorri-saldoei eta merezita duten zekorrei.

Ez da atsedenik urtea ez bada frutatan oparoa izan edo ardien umealditan edo Cerestar lastozko azaotan, eta bildutakoarekin ez baditu ildoak zamatzen eta ez baditu aletegiak gainditzen.

Heldu da negua: sicyondar alea xehatzen da prentsetan, zerriak ezkurrez ase eginda itzultzen dira, basoek gurbitzak ematen dituzte; udazkenak bere askotariko fruituak lagatzen ditu erortzen eta, altuan, mahatsa gozo heltzen da harri eguzkitsuetan.

Bitartean, seme gozoak haren aurpegi maitetik daude zintzilik inguruan, etxe garbiak lotsa gordetzen du, (...)